1976ko Martxoaren 3ko sarraskia gertatu zen lekuan, Zaramagako San Frantzisko elizan, garatu da ‘Vitoria, 3 de Marzo’ pelikularen grabaketaren laugarren astea. Bi astez, barrualdeetan trama ezberdinak grabatu ostean, sekuentzia jendetsuenak, zailenak eta dramatikoenak filmatu dira egun hauetan.

‘Vitoria, 3 de Marzo’ filmeko aktore sekundario batzuekin hitz egin dugu, euren pertsonaiak ezagutzeko eta pelikula hau osatzen duten langile borroken testuingurura hurbiltzeko.

Ane Pikazak Blanca interpretatuko du, grebalaria eta 70ko hamarkadako “lehen” feministetako bat. Iñaki Rikarte Javier izango da, benetako pertsonai historiko ezberdinetan oinarritutako buruzagi sindikala. Biak pelikulako protagonista den Mikelen lagunak eta pisukideak dira.

Bestalde, Iñigo de la Iglesia ‘El Rubio’ izango da, sindikatu bertikaleko buruzagietako bat; asanbladetan parte hartuko du, baina ikuspegi kontserbadoreago batekin, kideekin alderatuta.

Gainera, beste pertsonai batzuk topatuko ditugu, besteak beste: Rufino, José Antonio Lobatok interpretatutako langile beteranoa, grebarekin bat egitea erabakiko duena; edo bere lankidea, Imanol, bera baino gazteagoa, Gaizka Ugartek interpretatuta.

Leave a Reply