STORYLINE

Martxoaren 3an, soldata-igoerak eskatzeko lanuzte bat zenbait hilabetez luzatu eta gero, borrokan ari ziren enpresetako langile-batzordeek greba orokor bat antolatuta zeukaten Gasteizen. Hiri honetan, hain zuzen, gobernua kezkatzen zuen mugimendu asanbleario bat sortua zen, eta beldur zen Estatu Espainol osora zabalduko ote zen.

Zaramaga langile-auzoko San Frantzisko elizan milaka langile bildu ziren batzarrean. Kanpoaldean, are jende gehiago elkartu zen, eta, tartean, polizia armatuko ehun agente kokatu ziren.

Gasteizko 1976ko martxoaren 3ko gertaeretan, poliziak bost langile hil zituen, greba luze baten ondoren. Begoñak, erdi-mailako klaseko gazte batek, bertatik bertara biziko ditu “sekula ezer gertatzen ez den hiri bat” astindu zuten gertaera horiek. Gero eta gehiago gogortuz doan gatazka baten erdian, bai bera, bai haren familia, zeinen alde jarri aukeratu beharrean aurkituko dira. Azkenean, sarraskiaren ondoren, Begoña, hiria, eta herrialde osoa ez dira gehiago berberak izango.


Badauzkagu bi kamio bete munizio, e? Tiratu ahalean ekin, beraz, eta garbiketa egin, geuk armak dauzkagunok; tiratu ahalean eta inolako erreparorik gabe”.

 

“Historiako jipoirik handienean parte hartu dugu. Txanda”.

 

“Hemengoa sarraskia izan da. Txanda”. “Aizu, benetan, sarraski bat, e?”


SINOPSIA

1976. urtean, Franco hil berritan, Gasteiz probintziako hiriburu lasai bat da. “Apaiz eta militarren” hiri bat. Gutxik pentsatuko zuten urte hartan gertaera dramatiko batzuk izango zirela, hiria behin betiko aldatuko zutenak. Gertaera horiek, zalantzarik gabe, Espainiako Trantsizioa deitutakoan ere garrantzia izango zuten, bereziki Euskal Herrian.

José Luis kazetaria da bertako irrati batean, hiri txiki bateko informazioaren errutina aspergarrira ohitutakoa, eta berak ere ezin zuen sumatu gertatzekotan zegoena. Hala ere, gertaeren ondorioz, inoiz pentsa zezakeen baino hurbilagotik ukituko duen egoera batean murgilduko da. Hain hurbil, non haren alaba izango baita, Begoña, martxoko egun horietako protagonistetako bat (eta biktima).

Hiria aldatzen ari zen, milaka langilek soldata-igoerak eskatzen zituzten, baina aldaketa sozial eta politikoak ere bai. Parez pare, halakoak onartzeko asmorik gabeko ugazaba eta agintari batzuk zituzten, edozer egiteko prest zeudenak. Edozer.

Gauzak horrela, gatazka halabeharrezkoa zen. José Luisen erdi-mailako klaseko familian ere errepikatuko da gatazka, kide guztiengan ondorioak izateraino azkenean. Begoña, istorio honetako protagonista –belaunaldi hartako gazte-jende asko bezalaxe– kontzientzia soziala hartzearekin batera pertsona gisa haziko da.

Era berean, José Luis eta Ana (haren emaztea eta Begoñaren ama) ezingo dira geratu erabat gogortu den egoera horretatik kanpo; izan ere, azkenean egoera horrek hiriko bizilagun guztiei eragingo die, eta zeinen alde jarri erabaki beharko dute.

Emaitza tragikoa ezaguna da: poliziak bost langile erail martxoaren hiruan. Egun hura betiko gelditu da hiriaren oroimen kolektiboan, orduz gero ez baitzen izan gehiago hiri berbera.